bihotz bakartien klubaren literatura eta ideia barriak

 


peru magdalena

 

Gero eta gehiago dira

Gero eta gehiago dira. Gehiago eta gehiago. Honezkero pila bat dira. Edozein momentutan hiria hartu behar dutela dirudi.
Lehenengoa, supermerkatuko hilaran ikusi nuen, lehenengoz, edo orduan konturatu nintzen, behintzat, desberdina zela. Hala ere, nik uste dut lehenagotik ere ikusi nuela bateron bat, baina ia oharkabean pasatu nuela, berarengan arretarik paratu gabe, postontziekin gertatzen den bezela, ikusi ditugula bai, baina zehazki non jakin gabe.

Han nengoen ni, nire espinaka, roquefort eta zerbezekin, hilaran, itxaroten, eta inguruko ņabardureri begira hasi nintzen. Aurreko neskaren otzarako produkturik gehienak bio, edo fibra, edo integral leloarekin lagunduta zihoazela konturatu nintzen. Ezkerretako armairu tipikoa ikusi nuen ondoren, bizarra egiteko xaflaz, pilaz eta txiklez betea; eta ez ote ziren aurreko asteko berdinak galdetu nion neure buruari. Gero, atzera begiratu nuen, eta han ikusi nuen bera. Horrela, hurbiletik eta astiro ikusi ezkero, orduan konturatu nintzen desberdina zela. Eta jakinmina sentitu nuen. Zer egiten ote zuen hemen, ze pentsamendu mota erabiliko ote zituen bera bezelako batek, zer egingo ote zuen supermerkatutik irtetzean. Eta guzti honen inguruan gogoetan nenbilela, begiratu egin ninduen. Harrapatu egin ninduen, hobe esanda. Nik irribarre behartu eta eskas bat luzatu nion, eta aurrera begiratu nuen. Aurrekoaren erosketak eta nireak banatzeko tramankulu hori hartu, eta gure produktuen artean ipini nuen. Ezeroso nengoen. Baina beno, besterik barik, ondo bainekien ez nuela deliturik egin. Hala ere, atzean neukanaren misterioak jakinmina piztu zidan, erakarri eta izutu ere egiten ninduen neurri batean. Nor, nondik, zertara, noiztik... galdera asko pilatzen zitzaizkidan buruan, rokeforta zerbezen gainean ipintzen nuen artean zapaldu ez zedin.

Gerora gehiago ikusi nituen. Hasieran banaka bakar batzuk, metroan ala okindegian, zebrabideetan ala tabernaren baten. Misteriotsuak ziren oso. Ez nuen euretako bakar bat ere berba egiten harrapatzerik lortzen. Ez zuten sekula egunkaririk ala diskmanik soinean eramaten. Ez ziren telebistan agertzen. Eta bat ere ez zen nire lagunen baten laguna.

Egunak aurrera joan ahala gero eta gehiago ikusten nituen. Batzuetan, gainera, binaka ere ikusi nituen. Oso gutxi egiten zuten berba, eta egiten zutenean ere, oso baxu. Kasu horietan disimuloz hurbiltzen saiatzen nintzen zertaz ari ziren jakiteko, baina ez nuen sekula lortzen hitz bakar bat ere entzuterik, hurbiltzen nintzaienean ixildu egiten zirela zirudien. Hasieran ze hizkuntzatan ariko ote ziren jakin gura izaten nuen. Bukaeran edozer jakitearekin pozten nintzen, baina ez nuen ezer ere lortzen. Eta bitartean, beste inor ez zela euren presentziaz ohartzen iruditzen zitzaidan. Egia esan, ez zen erraza euren presentzia somatzea, oso ixilak eta iheskorrak zirelako. Elurte betean elur maluta grisago bat eroriko balitz bezela. Eta gero beste bat, eta gehiago, eta gero eta gehiago. Ziur kaleak gris egon arte inor ez zela ezertaz konturatuko. Ez hasierako elur maluta gris haieri arretarik jarri ezean, behintzat. Eta nola jarri arreta, kasualitate deitzen duten horietako bategatik ez bada, hasieran tximeleta lokartu baten sotiltasunez jausten diren elur maluta gris horieri. Nik jarri nion, halako hasierako bateri, eta orain inor ere ez konturatzea iruditzen zait harrigarriena. Izan ere, hainbeste dira.

Nire portalean bertan, jadanik euretako pare bat bizi direla iruditzen zait, baina ez nago ziur zein pisutan bizi diren. Behin, portalera heltzen ari nintzela, urrutitik ikusi nuen euretako bat barrutik irtetzen. Beste behin, buzoian gutunak batzen ari nintzela, atzetik beste bat pasatu zitzaidala iruditu zitzaidan, baina laupabost gutun okotzarekin helduak nituenez, ezin izan nuen buelta eman eta berari zuzen begiratu. Geroztik arreta handiagoa jartzen dut portalean ere, eskilaretan bera ala gora noala.

Azkenaldian bikoteka baino talde handiagoetan batuak ikusi ditut kalean zehar. Unibertsitateen parean hiruko talde batekin gurutzatu nintzen herenegun, lau ikusi nituen autobus batera igotzen, eta bost, sei, zazpi ala talde handiagotan ere ikusi ditut kalean zehar ibiltzen. Eta oraindik inor ez dela euren presentziaz konturatu ematen du. Baina nola liteke.

Atzo, lehenengoz, euretako bat ikusi nuen telebistan. Albistegi batean azkenaldiko elurraz ziharduten, eta euretako bat pasatu zen berri emailearen atzetik, beste andre biren artetik, eta momentu batean kamarara zuzen begiratu zuela iruditu zitzaidan. Orduan konturatu nintzen hura zela euretako batek begietara zuzen begiratzen zidan lehenengo aldia. Ordura arte ez zidan euretako batek ere begietara begiratu, ihes egiten zidaten euren begiradek, eta hura izan zen lehen aldia, niretzat eta telebista ikusten zeuden guztientzat. Geroztik, atzotik, gurutzatu zaizkidan denek begiratu naute begietara.

Gero eta gehiago dira. Gehiago eta gehiago. Honezkero pila bat dira. Edozein momentutan hiria hartu behar dutela dirudi. Talde handitan dabiltza, gero eta handiagotan, eta edonon daude jadanik. Dendetan, metroko bagoi bakoitzean, taxietan, semaforoetan, txurrerietan, manifestaldietan, gasolindegietan, autobusetan... leku orotan daude, eta gero eta talde handiagoetan. Begietara begiratzen didate, denek, zuzen-zuzen. Hemen zeozer gertatu behar da, eta ez dirudi beste inor konturatu denik honetaz. Kale bakar bat ere ez dut igarotzen euretako batekin gurutzatu barik. Kale kantoi guztietan daude. Izurrite bat da hau. Hiria hartu behar dutela dirudi, bere jabe egin behar direla. Eta ea horrela gertatzen den. Ea horrela hiri hau leku interesgarriago bat bilakatzen den.


Peru Magdalena

 

 

 

 

 

 




 

bihotz bakartien kluba '04