Izeba Mariasunen ipuinak


Izeba Mariasunen nobela laburra

Izeba Mariasunek nobela bat izkiriatu zuen.
Titulua: Ur butzu batetara erori nintzen.
Eta editoriale famatu batetan argitaratu berri da.
Argitaratu denean egunkari eta aldizkari literarioetan erreseina eta komentario ugari agertu da, kritikoek esan dute autobiografikoa dela lehen pertsonan kondaturik dagoelako, oso esistentzialista dela gizabanakoaren esistentziari buruzkoa delako, emakume literatura dela noski andere batek sinatzen duelako eta , last bat not list, forma aldetik oso modernoa dela, irakurleak erantzun beharreko testu proposatuaz egitura irekia duelako.
Gure izebarena denez gero, zelan ez nuen liburua erosiko, erosi eta deitu dut. Eta merito bat gehitzekotan, munduko nobelarik laburrena dela esango nuke.
Nobelaren testu osoa hauxe da:

" Bai, erori egin nintzen. Baina ez naiz ur butzuan geratuko. Oraintxe, zutitu eta banoa. Zer iruditzen zaizu?"



Izena Mariasunen ipuinak

Izeba Mariasunek sarritan esaten zuen:
" Ipuin bat kondatuko dizuet"
eta orduan gu bere inguruan eseritzen ginen.
Izeba Mariasunen izarra zirkuluaren erdian dirdiratzen zen. Eta hasten zen:
" Behin batean bazen mutil bat Ameriketara joateko ilusioa zuena. Joan da Baionara eta han hartu du untzi bat Guatemalarantza doana, jendez gainezk bete denean untzi hori abiatu da, Baionako barra iragan du, eta iadanik itsaso zabalean barrena doa"

Eta isildu egiten zen itsasoaren tamainuaz gogoetan balego bezal.

Eta guk esaten genion:
" Eta gero, izeba, zer gertatu zen?"

Eta berak:

" Itxadon beharko duzue ea mutil hori itzuli eta zer gertatu zitzaion kondatzen duen"

Izeba Mariasun eta mendehurrena

Espainian Ameriketako deskubrimenduaren ez dakit zenbatgarren urtehurrena zelebratzen zen eta guk izeba Mariasuni honetaz eta haretaz galdetzen genion.

" Eta Cristobal Colon nongoa zen?"

" Historiagileak ez dira oraindik ados jarri" esaten zuen izeba Mariasunek " baina gehienek uste dute eta horretan ni ere ados nago, sortzez italianoa zela, Genovevakoa"

" Eta zergatik egin zuen bidaia hori?"
" Mundua zelakoa den jakin nahi zuelako" esaten zuen " Garai haretan bi bando zeuden, batzuk esaten zuten mundua borobila zela, sagarraren modukoa, eta besteek esaten zuten ezetz, plater baten tankerakoa zela. Eta indioek bakarrik zekiten hori, han zeudelako".







[Esperientzia pertsonalean oinarrituriko broma bat da. Euskal Herritik heldutako egunkari-anuntzio batzuetan bbk irakurri eta enigma bat egin zitzaidan, zer ote zen bbk hori. Euskaldunek arkano eta kriptograma asko erabiltzen duzue, ez zarete nik utzi zintuztedanean bezain jende tolesgabe eta arrunta. Propaganda ere apur bat arraroa egiten duzue batzuetan, eta horixe ba, bbk zeren sigla ote zen, eta bihotz bakartien klubarena otu zitzaidan]

Joseba Sarrionandia

bihotz bakartien kluba